Hamaika oztopo gainditu behar izan zituzten atzo AHT Gelditu! Elkarlanak Arrasaten (Gipuzkoa) antolatu zuen manifestaziora joan zirenek. Manifestariek eta baita kazetari, argazkilari eta kamerariek ere. Hasteko, Deba arroko hotzari aurre egin behar izan zioten, baina hori gutxi ez eta guardia zibilek hiriko sarbideak inguratu zituzten eta autobus eta kotxe ugari gelditu. AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Jon Arretxeren hitzetan, «hori da indarkeria; milaka pertsona AHTren aurka manifestatzea eragotzi nahi izan dute».
Bidean heldu ezinik zeudenei lekua egiteko antolatzaileek ordu erdi inguru atzeratu zuten manifestazioa. Jai giroan hasi zen, eta aldarrikapen aldartean. AHTren aurkako oihuak eta ingurumenaren defentsaren aldekoak errepikatu ziren gehien ibilbidean. Horrez gain, «txikizioa gelditu», «Denon esku dago, AHT gelditu», eta EAJ eta Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuaren aurkako deiadarrak.
Martxaren abiapuntuan txarangak berotu zuen itxaronaldia, eta munstroz mozorrotutakoek tankera ikusgarria eman zion manifestazioari ibilbidean zehar. Aurretik joaldunak joan ziren une oro eta haien atzetik, AHT Gelditu, Inposaketarik ez leloa zuen pankartaren atzetik, milaka eta milaka lagun. Deitzaileen arabera, 15.000 pertsonak parte hartu zuten martxan. Horien artean, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, EABko legebiltzarkide Nekane Erauskin eta Iñaki Antiguedad EHUko hidrogeologia katedraduna.
Egitasmoaren aurkako aldarriarekin bat egin zuen jendetza nabarmendu zuen Arretxek eta AHTk Euskal Herriko interesei erasotzen diela salatu zuen. «Pertsona gutxi batzuk aterako dituzte onurak, batez ere enpresen jabeek; herritarren gehiengoa proiektuaren aurka dago» . Egitasmoa eten eta garraio eredu berri bat bilatzeko eztabaida piztea galdegin zuen.
SUNTSIPENA ETA INPOSIZIOA. Biteri plazarako bidea hainbat zatitan banatuta egin zuen jendeak, eta ibilbidearen erdian bat egin zuten hainbat manifestarik denbora luzea beren borondatearen kontra errepidean geldi eman ondoren. Maindireekin abiadura handiko trenaren irudia ikusarazi zuten gazteen joan-etorriak joaldunen hauspoarekin bat egin zuen amaierarako. «Suntsipenaren» eta «inposizioaren» aurkako oihuekin heldu zen manifestazio burua helmugara. Biteri plaza jendez lepo bete zen amaiera ekitaldia jarraitzeko.
Txalaparta jotzaileak, bertsolariak eta abeslariak igo ziren lehenik eta behin oholtza gainera, eta haien ondotik Anita Dal Bianco ekintzaile italiarra. AHTren kontra herrialde horretako herri mugimenduek egin duten lana agertu zuen. Val Susako herritarren borroka nabarmendu zuen, eskualdeko alkateen eta herritarren aurkakotasunarekin abiadura handiko trena ez egitea lortu zutelako.
Ino Galparsoro Arrasateko alkateak AHTren aurkako udalen eta hautetsien izenean hartu zuen hitza. «Argi dugu goitik bultzatzen ari diren zentzugabekeriari ezetz esateko kalera irten behar dugula», hasi zuen mintzaldia. Hauteskundeen emaitzetan oinarrituta, «euskaldunon gehiengoaz hitz egiten aritzea» gaitzetsi zuen Galparsorok. AHTri buruz egindako herri galdeketak debekatzen saiatzea gaitzetsi zuen eta EAJri buruz hauxe esan zuen: «Euren ahotan askotan aldiz entzuten dugu herri galdeketa terminoa, baina, antza denez, herria pertsona edo alderdi bakarrak kontsulta dezake».
Mila Elorza Angiozarko auzo alkateak eta AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaileak amaitu zuen ekitaldia. «Gero eta gehiago gara inposizioaren aurka gaudenak eta, horregatik, berebiziko negozioa egin nahi dutenak gero eta urduriago daude», esan zuen. Hasieran AHTren aurkako kritika oro isilarazi zela salatu zuen, gero propaganda igorri zutela, «eta, azkenik, proiektuaren aurkako oposizioa hazten doala ikusita manipulazioa eta intoxikazioa hautatu dute». Elorzak azaldu zuenez, egitasmoaren aurkako herri mugimendua indartu eta argudio berriez osatzen jarraituko dute.
2007/12/16
AHT bertan behera uzteko eskatu dute milaka herritarrek Arrasateko kaleetan
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
1 comentario:
Sorry for my bad english. Thank you so much for your good post. Your post helped me in my college assignment, If you can provide me more details please email me.
Publicar un comentario