2007/12/26

TRUKE EGUNA PORTUGALETEN

Abenduaren 22an, Portugaleteko alde zaharreko kaleetara kontsumismoari alternatiba emateko ekimena eraman genuen.


Pasa den larunbatean, truke azoka antolatu genuen egun osoan zehar. Gure asmoa honakoa zen: garai honetan ematen den zentzurik gabeko kontsumismo ikaragarria salatzearekin batera, alternatiba errealak herritarren esku jartzea.

Horrela, etxean erabili gabe baina erabilgarri zaizkigun gauzak beste batzuengatik trukatzeko aukera eman genion ekintza honetan parte hartu nahi zuen portugaletetar orori: Diska konpaktoak, arropa, osagarriak, liburuak… izan ziren gehienbat aldatu genituen gauzak.
Eguerdian, trikipoteoa egin genuen eta gazte orok ahal izan zuen udaletxearenganako amorrua adierazi horretarako prestatu genuen jolasaren bidez. Ondoren, iluntze aldean, gabonetako saskia eta sari sorpresa zozketatu genituen, publikoki.
Hortaz, gure helburuak bete zirelakoan gaudenez, egun arrakastatsutzat jotzeaz batera, datozen urteetan antzerako iharduerak burutzeko konpromezua hartzen dugu Portuko Gazte Asanbladatik.

Laguntzaile eta parte hartzaileei esker mila!!

2007/12/23

BOM (Bilboko okupazio mugimendua)





Abenduaren 29an, BOMek (Bilboko Okupazio Mugimenduak) manifestazio bat deitu du etxebitzaren eskubidearen alde eta okupazioa eskubide urraketa honen kontra borrokotzeko tresna gisa aldarrikatzeko. Orainarte Bilbo guztiko eragile eta elkarteak atxikitu dira ekimen honekiko; gazte taldeak, familia elkarteak, kirol taldeak etab. Hemen duzue testua eta zuen atxikimendua bidaltzeko emaila: bomokupazioa@gmail.com) Azkenik, bergogoratu nahi dizuegu manifestazioa, abenduaren 29an izango dela, eguerdiko 12:30etan Plaza Zirkularretik. 29an denok Bilbora okupatzeko prest!!
?ETXEBIZITZA ESKUBIDEAREN ALDE, OKUPATZEKO PREST? Eraikitzeko lurzoruaren erosketa sektore garrantzitsu baten bilakatu da inbertsio ekonomikoak egiterako orduan. Izan ere, etxebizitza etekin handiak ematen dituen merkatu segurua bihurtu dute. Honela, sistema ekonomiko kapitalistak geure bizitza garatzeko ezinbesteko behar honetatik negozio borobila egin du, etxebizitza merkatuaren motore garrantzitsuenetarikoa bilakatuz. Asko eraiki den arren, mugimendu hauek ez dute jendearen eskaria bermatzeko balio izan; etxebizitza espekulatzeko erabili baita. Horrela bakarrik ulertu dezakegu Bilbon 18.000 etxe huts egotea, gazteoi etxebizitza baten beharra asetzea ukatzen diguten bitartean. Beraz, etxebizitza behar sozial bat izatetik merkatuan sal erosten den ondasun aktibo baten bilakatu da. Egoeraren larritasuna ikusirik, Bilboko Okupazio Mugimenduak etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan pauso kualitatiboak eman nahi ditu. Izan ere, eskubide honen bermatzea guk geuk lortu behar dugu. Horregatik, gizarte mugimenduek jada konpartitzen dugun egoeraren azterketatik abiatuta, arazoa soluzio bidean kokatzeko bitartekoak martxan jartzearen premia agerikoa da. Honetarako, etxe hutsen okupazioa ezinbesteko borroka tresna gisa ulertzen dugu, benetan herritar ororen eskubidea bermatuko duen alternatiba integral bat eraikitzerako orduan. Hortaz, auzoetako errealitateari buelta eman nahi diogu, bertako etxe hutsak berreskuratzeko prest gaude, okupatzeko prest gaude! Zentzu berean eta diskurtso honen baitan, hurrengo hilabeteetan Bilbon burutuko den manifestaldira gonbidatzen zaituztegu.

2007/12/16

Kontsumismoarekin bukatu, gabonetan trukatu!!!


Portugaleteko Gazte Asanbladak kontsumismoaren kontrako trukaketa azoka antolatu du Abenduaren 22an. Merkatu Zaharrean izango da egun osoan zehar eta arropa, diskak, musika jolasak, etabar egongo dira trukea egiteko. Animatu eta zure gauzak jeitsi trukatzeko edo azokan uzteko.

14:00etan trikipoteoa egongo da alde zaharra euskaldun giroaz betetzen.

20:00etan gabonetako saskiaren zozketa egingo dugu. Zenbakia oraindik ez baduzu lortu azokan bertan edo kide bati erosi, euro bakarra da, Zorte on!!!

Portugaleteko gazte asanbladarekin kontaktuan jarri nahi baduzu mail bat bidali edo abenduaren 22an azokan ikusten gara.

Kontsumismoarekin bukatu, gabonetan trukatu!!!

AHT bertan behera uzteko eskatu dute milaka herritarrek Arrasateko kaleetan


Hamaika oztopo gainditu behar izan zituzten atzo AHT Gelditu! Elkarlanak Arrasaten (Gipuzkoa) antolatu zuen manifestaziora joan zirenek. Manifestariek eta baita kazetari, argazkilari eta kamerariek ere. Hasteko, Deba arroko hotzari aurre egin behar izan zioten, baina hori gutxi ez eta guardia zibilek hiriko sarbideak inguratu zituzten eta autobus eta kotxe ugari gelditu. AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Jon Arretxeren hitzetan, «hori da indarkeria; milaka pertsona AHTren aurka manifestatzea eragotzi nahi izan dute».
Bidean heldu ezinik zeudenei lekua egiteko antolatzaileek ordu erdi inguru atzeratu zuten manifestazioa. Jai giroan hasi zen, eta aldarrikapen aldartean. AHTren aurkako oihuak eta ingurumenaren defentsaren aldekoak errepikatu ziren gehien ibilbidean. Horrez gain, «txikizioa gelditu», «Denon esku dago, AHT gelditu», eta EAJ eta Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuaren aurkako deiadarrak.
Martxaren abiapuntuan txarangak berotu zuen itxaronaldia, eta munstroz mozorrotutakoek tankera ikusgarria eman zion manifestazioari ibilbidean zehar. Aurretik joaldunak joan ziren une oro eta haien atzetik, AHT Gelditu, Inposaketarik ez leloa zuen pankartaren atzetik, milaka eta milaka lagun. Deitzaileen arabera, 15.000 pertsonak parte hartu zuten martxan. Horien artean, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, EABko legebiltzarkide Nekane Erauskin eta Iñaki Antiguedad EHUko hidrogeologia katedraduna.
Egitasmoaren aurkako aldarriarekin bat egin zuen jendetza nabarmendu zuen Arretxek eta AHTk Euskal Herriko interesei erasotzen diela salatu zuen. «Pertsona gutxi batzuk aterako dituzte onurak, batez ere enpresen jabeek; herritarren gehiengoa proiektuaren aurka dago» . Egitasmoa eten eta garraio eredu berri bat bilatzeko eztabaida piztea galdegin zuen.
SUNTSIPENA ETA INPOSIZIOA. Biteri plazarako bidea hainbat zatitan banatuta egin zuen jendeak, eta ibilbidearen erdian bat egin zuten hainbat manifestarik denbora luzea beren borondatearen kontra errepidean geldi eman ondoren. Maindireekin abiadura handiko trenaren irudia ikusarazi zuten gazteen joan-etorriak joaldunen hauspoarekin bat egin zuen amaierarako. «Suntsipenaren» eta «inposizioaren» aurkako oihuekin heldu zen manifestazio burua helmugara. Biteri plaza jendez lepo bete zen amaiera ekitaldia jarraitzeko.
Txalaparta jotzaileak, bertsolariak eta abeslariak igo ziren lehenik eta behin oholtza gainera, eta haien ondotik Anita Dal Bianco ekintzaile italiarra. AHTren kontra herrialde horretako herri mugimenduek egin duten lana agertu zuen. Val Susako herritarren borroka nabarmendu zuen, eskualdeko alkateen eta herritarren aurkakotasunarekin abiadura handiko trena ez egitea lortu zutelako.
Ino Galparsoro Arrasateko alkateak AHTren aurkako udalen eta hautetsien izenean hartu zuen hitza. «Argi dugu goitik bultzatzen ari diren zentzugabekeriari ezetz esateko kalera irten behar dugula», hasi zuen mintzaldia. Hauteskundeen emaitzetan oinarrituta, «euskaldunon gehiengoaz hitz egiten aritzea» gaitzetsi zuen Galparsorok. AHTri buruz egindako herri galdeketak debekatzen saiatzea gaitzetsi zuen eta EAJri buruz hauxe esan zuen: «Euren ahotan askotan aldiz entzuten dugu herri galdeketa terminoa, baina, antza denez, herria pertsona edo alderdi bakarrak kontsulta dezake».
Mila Elorza Angiozarko auzo alkateak eta AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaileak amaitu zuen ekitaldia. «Gero eta gehiago gara inposizioaren aurka gaudenak eta, horregatik, berebiziko negozioa egin nahi dutenak gero eta urduriago daude», esan zuen. Hasieran AHTren aurkako kritika oro isilarazi zela salatu zuen, gero propaganda igorri zutela, «eta, azkenik, proiektuaren aurkako oposizioa hazten doala ikusita manipulazioa eta intoxikazioa hautatu dute». Elorzak azaldu zuenez, egitasmoaren aurkako herri mugimendua indartu eta argudio berriez osatzen jarraituko dute.