2009/01/13

AHT Gelditu! Elkarlanak manifestazio nazionala deitu du “euskal Y”aren lan-eremura



aupa peña!!

dakizuenez, Euskal Herrian, AHTaren kontrako mugimendua egiten ari da eta hainbat dira orain arte egindako ekintzak gure herrian abidura handiko trenik ez dugula nahi azaltzen dituztenak.
Portugaleteko Gazte Asanbladak asteburu honetan egingo den manifestaziora gonbidatu nahi zaituzte, herri bakoitzean autobusetara apuntatzeko zerrendak daudelarik. Portugaleten Izar Gorria tabernan (herrikoan) daukazue. hemen azpian deialdia irakurtzeko aukera ematen dizuegu, AHTaren kontrako plataformak duen web orrialdean aurkitu dezkezuena. Kartela ere bidaltzeko asmoa genuen, baina azken momentuan ez dugu topatu; hala re, herritik ikusi ahalko dituzue. animatu eta etorri!!!!


Manifestazio aurretik kontzentrazioak egingo dira ostegunean AHTa sustatzen duten alderdi politikoen egoitzen aurrean. Datorren larunbatean, urtarrilak 17, Abiadura Handiko Trenaren aurkako talde eta erakundeen koordinadorak, AHT Gelditu! Elkarlanak, manifestazio nazionala egingo du Arabako zatian burutzen ari diren AHTren “Euskal Y”aren lanetara.
Manifestazioaren helburua, alde batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Sustapen Ministerioari AHTren lanak gelditzeko exijitzea da eta, bestetik, justifikazio ezak eta onartu ezin diren ingurumen-, ekologia- eta gizarte-kostuak direla eta, zalantza bizian jarri den makro-proiektu honen inposizioa arbuiatzea da. Horregatik, Euskal Herriko herritar guztiei deialdia zabaltzen diegu datorren larunbatean, eguerdiko 12etan, Urbinako plazatik “AHT GELDITU! LURRA BERRESKURATU!” lemapean lan-eremura egingo den manifestazioan parte har dezaten, lurraren aldeko borroka bultzatuz tinko jarraitzeko dugun borondatea adierazi eta herri-mobilizazioen bidez AHT geldi daitekeela erakusteko. Manifestazioa baino lehen, ostegunean, hilak 15, AHT Gelditu! Elkarlanak herrietan kontzentrazioak burutuko ditu azpiegitura suntsitzaile honen sustatzaile diren alderdi politikoen egoitzen aurrean (PNV, PASOE, UPN, PP eta EA), AHTren inguruko eztabaidaren exijentzia mantendu eta proiektu polemiko honen inguruan duten jokaera antidemokratikoa salatzeko.

Azken urteotan, gizartean inolako eztabaidarik egin gabe eta ia Euskal Herri osoan eragina duen proiektu inposatu honen aurkakotasuna handituz joan dela ikusi ahal izan dugu. Ia Euskal Herri osoan duela eragina esan behar da “euskal Y” delakoaz gain, AHTren Nafarroako Korridorea eta Lapurdiko TGV linea berria ere inposatu nahi baitizkigute. Horren inguruan, herri honetako eragile politiko eta sozialei gogorarazi nahi diegu AHTren proiektuaren aurkakotasun sozialak makro-proiektu honen aurka egoteko dituen arrazoi guztiak bere horretan jarraitzen dutela: ingurumenean eragin larriak, errentagarritasun ekonomiko eta sozial eza, funts publikoak xahutzea gastu sozialaren kalterako, gizartea desegituratzen duen garraio-sistema elitista sustatzea, lurraldearen polarizazioa areagotzea hiriburuen mesedetan, eta gizartearen parte-hartzea eta informazioa erabat baliogabetu izana. Orain, gainera, ekonomia- eta energia-krisia areagotu dituzten garaian sartu berri gara, eta hori, mega-proiektu ugari zalantzan jartzeko aski arrazoi bada, ez baitauka inongo zentzurik diru publikotik datozen kopuru itzelak gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik hain xahutzaile eta kaltegarri diren azpiegiturak egin eta inposatzeko erabiltzea. Horregatik, gaur egun, inoiz baino arrazoi gehiago dago AHTri ezetz esan eta hain zalantzagarria den proiektuaren inguruan eztabaidatu eta erabakitzeko ahalmena herritarroi itzultzea exijitzeko.

Badakigu botereak ez duela bere irrika erraz baztertuko eta eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela herritarrak engainatzeko, bai eta ikuspuntu kritikoa adierazten duten ahotsak isilarazteko ere. Zehatzago esanda, Eusko Jaurlaritza salatu nahi dugu “euskal Y”a eraikitzeko PNV eta PSOEren arteko paktua mantentzeagatik. Paradoxikoki, Ibarretxe lehendakariak euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen heldutasuna geroz eta gehiago goratu, geroz eta gutxiago adierazten du AHTren inguruko informazioa, eztabaida eta gizarte-erabakirako prozesu parte-hartzailerik irekitzearen aukera. Jarrera horixe bera mantentzen du UPNk Nafarroan, AHTren inguruko eztabaida soziala ukatzen baitu eta makro-azpiegitura honen lanek dakarten negozio izugarria banatzeko Madrilekin hitzarmena eskatzen baitu. Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanak salaketa gogorra egiten du gobernuek beren jarrera kaltegarri eta larderiatzailean jarraitzen dutelako, “euskal Y”aren lanek aurrera eramaten jarraituz. Horrela, Sustapen Ministerioak eta Garraio Sailak indar-probaren aldeko apustua egin dute Arabako lautadako eremu errazenean “euskal Y”aren lanak aurreratuz –lurra muga ulertezinetaraino suntsituz EibarGasteiz Autopistaren ondoan-, nahiz eta proiektua geroz eta atzerapen gehiago jasaten ari den desjabetzetan eta baita loturarik ez duten zenbait zatitan burutzen ari diren gainerako lanetan ere, aurkakotasun handia baitago. Horri guztiari, beste pausu bat gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak Beasain eta Tolosaren artean lan-lizitazio berriak egin nahi baititu. Horrekin guztiarekin, AHTa inposatzea nahi dute, lurraldeari eta bere herritarrei arnasa hartzen utzi gabe, hainbat eta hainbat mobilizazio eta herri afektatuetan antolatu diren herri-kontsultei entzungor eginez.

Esandako guztiaren ondorioz, gaur egungo gizarte esplotatzaile eta xahutzailea zalantzan jarriz, gizartearen justizian, ingurumenaren orekan eta herritarrek erabakietan parte hartzeko benetako sisteman oinarrituta, errotik desberdina den ereduaren alde diharduten gizarteko sektore guztien artean, AHTren inguruko eztabaida eta aurkakotasuna zabaltzen jarraitzea ezinbestekoa dela uste dugu. Herri-talde plural gisa eta AHTren aurkako borrokan bateratasuna sustatu nahi duen talde gisa, AHT Gelditu! Elkarlanak sentsibilitate desberdinei eta “euskal Y”aren aurkakotasunean bat egiten duten sektore sozialen aniztasunari irekita dagoen lan- eta mobilizazio-ildoa bultzatzen jarraituko du. Euskal Herriko herritarrak borroka honetan aktibo garrantzitsuena gara eta herritarrok izango gara AHT geratzea lortuko dugunak. Horregatik herritarrak eta AHTren aurkako sektore guztiak deitzen ditugu borrokan aktiboki parte har dezaten, AHTren aurkako mugimendua indartu eta euskal geografia osora zabaltzeko. Urte hauetan guztietan zerbait ikasi baldin badugu, borroka honen herri-izaera izan da eta borroka bera zailago bihurtzeak ez duela jarraitzearen beharra kentzen.

Azkenik, lan-eremura eramango gaituen manifestazioaren ostean, jakinarazi nahi dizuegu Musikherria musika-kolektiboarekin batera Gasteizko Alde Zaharrean, festa eta errebindikazioz beteriko jardunaldia antolatu dugula. 15:30ean, herri-bazkaria egingo da Auzolan Frontoian eta 18:00etatik aurrera, Landatxo kiroldegian eta Gaztetxean, “Musika askeaz, AHT Gelditu!” lemapean, kontzertu-sortaz gozatzeko aukera izango da.

Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanan biltzen diren sindikatu, talde ekologista, herrietako talde, gizarte-mugimendu, udal afektatu eta alderdi politikoek, gizarte osoari dei egiten die larunbat honetan, eguerdiko 12etan, Urbinako plazatik “euskal Y”aren lanetara egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera, inposizioari EZ indartsua eman eta Euskal Herrian AHT gelditzeko nahikoa indar badagoela erakusteko, sozialki bidezkoa izango den eta naturarekiko errespetua adieraziko duen etorkizunaren alde. Era berean, bihar, asteazkena, Amorebietako udaletxe aurrean 8:30ean biltzeko deia luzatzen dugu bertan egin nahi dituzten nahitaezko desjabetzeak eta akten altxamendua dela eta antolatutako kontzentrazioan parte hartzeko. Halaber, gogoratu, ostegunean, AHT sustatzen duten alderdi politikoen egoitzen aurrean azpiegitura suntsitzaile hau gelditzeko exijitzeko herriz herri egingo diren kontzentrazioak.

DEIALDIAK:
Asteazkena 14:
Kontzentrazioa, 8:30ean, Amorebietako Udaletxe aurrean, nahitaezko desjabetzeak eta akten altxamendua salatzeko.

Osteguna 15:
Kontzentrazioak AHT sustatzen duten alderdi politikoen egoitzen aurrean:

GASTEIZ: 19:00etan, PNVren Araba Buru Batzar egoitzaren aurrean, Abendaño kalean.
DEBAGOIENA: 19:30ean, Arrasateko PSOEren egoitzaren aurrean.
DURANGALDEA: 18:30ean, Durangoko Batzokiaren aurrean.
BASAURI: 19:00etan, PSOEren egoitzaren aurrean.
GOIERRI: 19:00etan, Beasaingo Udaletxe aurrean.
DONOSTIA: 19:30ean, PSOEren aurrean, Bilbao Plaza, kontzentrazioa eta giza katea Alderdi Ederreko PNVren egoitzaraino.
IRUÑERRIA: 19:30ean, Iruñeko UPNren egoitzaren aurrean.
SAKANA: 20:00etan, Altsasuko Udaletxe aurrean.
TAFALLA: 19:30ean, Tafallako Udaletxe aurrean.

Larunbata 17:
12:00: Manifestazio nazionala “euskal Y”aren lan-eremura, Urbinako plazatik hasita.
15:30: Festa-erreibindikazio jardunaldia Gasteizen.
15:30: herri-bazkaria Auzolan Frontoian.
17:00: Jonu kantautorea.
18:00: Campillo kiroldegia (Landatxo):
Xopapo
El Trono de Judas
Banda Batxoki
Hesian
Musikberbena
18:00: Gaztetxea:
Ain_1
From Lost to the river
Boneman
The Dogs of the Black Foot
24:00h:
Aritz Sound System
Karrocerias Betoño

No hay comentarios: